argazkilaritza.com logoa

Greziako bidaia (2. eta azken atala)

Puntuazioa erabili: / 0
TxarraOna 

Diakopto atzean utzi eta Peloponeso-a, ahal genuen heinean, ezagutzera joan ginen. Penintsula honetara iritsi baino lehenago errepideetako seinale asko gure alfabetoan zeuden idatzita, Peloponeso-an aldiz gure mapa eta seinaleen arteko itzulpena egin behar genuen dida batean, greziar alfabetoan bait zeuden. Azkenean azkartasun majoa lortu genuen!

mone

Monemvasia: herri zaharrretik herri berrirako begirada

 

Diakpoto-tik gora ekin genion beraz bidaiari Peloponesoan barrena. Esan beharra daukat Greziako errepideak, bere paisaiak noski, ikusi ditudan ederrenak direla gidatzen joan ahala aho bete hortz geratzeko. Peloponeso-an ere horrelakoak ziren eta beheko argazkian, bidaia berrabiarazi eta kilometro gutxitara, Kalavryta bidean dagoen mendi portu batetik ateratako bistak ikusten dira. Bertan lehenengo atalean azaldutako kontrastea dugu: nahiko bero zegoen kosta, itsasoa eta mendi elurtuak.

 

 

portua

Kalavryta bidean bista ikusgarriak

 

Mendietan barrena kotxearekin rallia egin eta gero gure eguneko lehen helburura iritsi ginen: Esparta eta antzinako Mystras herria.

Lehenik eta behin Mystras ezagutzera joan ginen. Antzinako herri bat mendi magalean banatuta nola dagoen ikustea eta ordutik hona geratzen diren harresiak, eliza ortodoxoa, jauregia etab. nola ziren aztertzeko bisita oso interesgarria da. Gainera goiko partetik Esparta aldera zegoen bista ikusgarria zen, azpiko argazkian ikus dezakegun moduan.

 

esparta

Esparta Mystras-eko harresietatik ikusita

 

Hemendik jeitsi, ondo baino hobeto bazkaldu (Mythos garagardo greziarrarekin, nola ez) eta Esparta bisitatzera abiatu ginen.

Aurretik gure eguneko plana Espartan lo egitea zen, baina herria bisitatu eta gero aurrera jarraitzea erabaki genuen. Espartak 20.000 bat biztanle ditu, herri nahiko handia da eta, egia esan, ez du historiak ematen dioen xarmarik. Beraz, kafetxo bat hartu eta hurrengo herri batetara abiatzeko erabakia hartu genuen.

Hemen ohartxo bat: bidai-gida batekin bazabiltzate (Trotamundos gure kasuan) ondo fijatu bi orrialde ez direla batera pasatzen. Guk herri batek biztanle dexente, mugimendu asko eta hotel pila bat zituela sinestu genuen. Hara gauez iristean herria basamortu bat zirudien, oso txikia zen eta ez zegoen batere hotelik. Orriak ondo banatzean konturatu ginen gure akatsaz: hurrengo helburu genuen herriaren ezaugarriak ziren horiek. Beraz, aurrera beste ordubete baino gehiago!

Azkenik Monemvasia-ra iritsi ginen. Bertan hotela aurkitu ondoren buelta bat ematera joan ginen. Antzinean Monemvasia irla batetan zegoen. Gaur egun herri hori egunetik egunera berritzen ari dira, baina gaur egungo herria irla horren aurrean dago, kontinentean. Egia esan irla eta kontinentea zubi batekin komunikaturik daude, eta ikusiko duzuen moduan nahiko motza da.

Antzin antzinean herria irlaren tontorrean zegoen, gero jetsiz joan zen eta azkenik kontinentean bukatu zuen. Lehenengo argazkian, artikuluaren buru dena, irlaren puntan dagoen arku batetik ateratako argazkia ikus dezakezue, eta bertatik gaur egungo herria ikus daiteke. Hemen beheko argazkian aldiz, irlan dagoen eta berritzen ari diren herria ikus daiteke itsasora begira.

 

 

mone_hodeiak

Monemvasia-ko herri zaharra itsasora begira

 

Hurrengo argazkian irlaren goiko partetik herri berria ikusten dugu zabalera osoan, zubia ere argi ikus daitekeelarik.

 

zubia

Monemvasia berria

 

Herria berreraikitzeko garaian arreta eta fintasun haundia ari dira edukitzen: herria harriz-harri eraikitzen ari dira eta hauek bertara garraitzeko ez dute lurra suntsituko luketen makinarik sartzen, astoak eta zaldiak erabiltzen dituzte. Kaleak oso estuak dira ere herrian barrena.

 

astoak

Zaldiak, Monemvasia-ko obretako garraioa

 

Irlari buruz hitzegin dugu, bere goiko bistak ikusi ditugu, baina herri berritik nola ikusten den jakingo dugu orain. Herri zaharra atzeko partean dago, horregatik ez da ikusten. Egeo itsasoko urak oso gardenak dira, ezta?

 

urgarbia

Monemvasia-ko irla eta Egeo itsasoa garden-gardena

 

Monemvasia atzean utzi eta Naoplio-rantz abiatu ginen. Bidai honi buruzko aurreko atalean Meteoras-eko monastegiak ikusi genituen mendietatik zintzilik. Ikusi ezazue hemen bidean topatu genuen beste monastegi bat, kasu honetan mendiari itsasia. Ez dut uste inor joango zenik horra fraideak gogaitzea, ez.

 

 

monasMendian

Monastegia mendiari itsatsia

 

 

Aurrerago, azpian ikus daitekeen Pickup-a topatu genuen eta honen bidez greziar sena azaldu nahi dizuet: lasai, kezkarik gabe. Zintzilik ikusten den hori pisu edo balantza bat zen eta pendulo baten antzera alde batetara eta bestera zihoan denbora guztian. Gainera, bertako orratza ere kontrolik gabe zebilen gora eta behera. Ziur gero ez duela zehaztasun askorekin markatuko... gerta daiteke ere atzetik erortzea... barruan jar zezakeen pisua... baina zer arraio? Horrela erosoago!!

 

pisua

Greziar sena

 

Naoplio-n hotela hartu, Greziar jabearekin berriketatxo bat eduki (ez zigun ba herriaren Veneziar iraganaz oso ondo hitzegin) eta izozki baten bila joan ginen portu ondoan dagoen izozki-denda batetara. Jabea italiarra zen eta izozki-zapore pila bat zituen. Askotatik dastatzeko eman zigun eta azkenean izozki banarekin atera ginen bertatik: oso oso ona. Hurrengo egunean Veneziar gotorlekua ikustera joan ginen. Bertara igotzeko 800 eskailera baino gehiago igo behar ziren eta goraino joan ginen, tarteka argazkiak ateratzeko geldialdiak eginez (eta arnasa hartzeko bide batez). Gora iristean ordaindu behar zela ikusi eta ez ginen barrura sartu, harriak ikusteaz eta ordaintzeaz aspertuta bait geunden. Dena den goiko bistek igoaldia merezi izan zuten azpiko argazkian ikus daitekeen moduan.

 

naoplio

Naoplio gotorlekutik ikusita

 

Hurrengo egunean Epidauro-ko antzokia ikustera joan ginen. Bere kokapena dela medio, modu naturalean hoberen kontserbaturik dagoena da, mendi eta zuhaitz artean. Bertako erdiko harrian jarri eta hitzegiten baduzu zure ahotsa ezin hobe entzuten duzu erantzunean, eta honek asko harritzen du bidaiaria. Hemen antzokia goiko partetik behera ikusten dugu, neska batek antzokiaren erdialdetik bere bizitza kontatzen duen bitartean (ordu laurdena eman zuen hor hizketan...).

 

epidauro

Epidauro antzokia

 

Gero Korinto-ra joan ginen gure lagunentzat mahaspasak erostea eta herria ikustea. Herria ez da beste munduko ezer, baina Atenas-era bueltan Korinto-ko itsasartea igarotzen duen zubian geratu ginen bera ikusteko. Itsasarte hau XIX. mendearen bukaeran gizonak egindako mozketa bat da eta barkuek kilometro asko eta asko aurrezten dituzte bere barrena Peloponeso-ari buelta osoa eman beharrean. Zorte handia izan genuen momentu hortan barkua bait zetorren. Hurrengo argazkian atoiontzia ikus daiteke barku hortatik tiraka itsasartean zehar.

 

corinto

Korinto-ko itsasartea

 

Azkenean Atenas-era itzuli, bertan juergatxoa bota eta hurrengo egunean hegazkinean etxera bueltatu ginen.

Greziak marka utzi zigun: bizimodua, kezkarik eza, lasaitasuna, mugimendua (biak batera, bai), janaria, paisaia, mendiak... Bidaia oso gomendagarria da, oso.

Bidaiaren lehen atala hemen

Hits: 742
Trackback(0)
Comentarios (2)Add Comment
73
...
escrito por miyagi, abendua 04, 2009
jajaja bai, edozein momentuan eroriko zela zirudien. Gainera, bera ere knturatu zen argazkiak ateratzen ari nintzaiola ta frentau egin zuen gu pasatzeko jajaja. Bere aurpegia ikustekoa zen smilies/grin.gif

Argazkiak batez ere kontakizuna eta detailetxoak ilustratzeko dira bai... Hau orain dela 3 urteko bidai bat da. Hurrengo batetan azalduko ditut beste batzuk. Bitartean ziur besteok ere baduzuela zer kontatu!
64
...
escrito por akiliki, abendua 04, 2009
Oso oso interesgarriak Grezia aldean pasatako abenturei buruz idatzitako berbak smilies/smiley.gif
Greziar senari buruz esaten duzunak ez al dizu beldurrik ematen? Niri horrelako pisu bat aurrean dinbili-danbalaka duen kotxearen atzean ibiltzeak akajonatu egingo zidan smilies/wink.gif

Oso ondo ilustratu duzu bidaia argazkiekin!

Hurrengo bidaiaren zai geratu beharko gara.
Ondo segi eta eskerrik asko!

Escribir comentario

busy

Argazki erreportaiak - Paisaia eta lekuak