Honako artikulu honetan lagun batzuekin Greziara eginiko bidai baten kontakizuna egingo dizuet, norbaitek joateko gogoa baldin badauka zenbait gauza eta iruzkin ikus ditzan. Bestela ere etxetik pixka bat bidaiatzeko aukera ez da txarra.
Hau izan zen kanpora eta modu honetan egin genuen lehen bidaia. Denboraldiz kanpoko bidaia (Urri bukaeran, Azaro hasieran) izan zen honek ekartzen dituen gauza on eta txarrekin. Ona prezioak, alojamendu aldetik askatasuna eta turista gutxi topatzea da. Txarra aldiz, toki batzuetan jende gutxiegi topatzea, eguraldia eta eguzki ordu gutxiago egotea dira. Hurrengo emanaldi batzuetan beste tokietako bidaiak ere ikusi ahal izango ditugu.

Meteora monastegiak
Greziara joateko orduan hegazkina eta lehenego bi gauetarako Atenasen hotela hartu genituen. Bertara gauez iritsi ginen eta egia esan geunden zonan (Omonia plazatik behera) gurpileko maletakin ibiltzeak ez zigun segurtasun handirik eman, kale ilunetan eta jende arraro xamarraren artean bait genbiltzan. Baina ez zen ezer arrarorik pasa, gure buruan zegoen bildurtxoa zen soilik.
Atenas ez da oso hiri polita, baina mugimendu asko dauka. Zarata ere ez da txikia. Motorrek kaleetan gora ateratzen dutena eta kotxeen klaxonak batu egiten dira, bisitaria hasiera batetan zoratzeko.
Urte guztian zehar turista asko daude (gu joan ginenean ere mordoa zeuden, ez dut pentsatu nahi abuztuko beroarekin nolakoa izan behar duen) eta greziarrak ere kalean egotekoak dira. Lehenengo egun honetan Akropolis-a, hainbat monumentu, dendaz beteriko kaleak, bigarren eskuko merkatua etab. ikusi genituen. Eta noski, Cafe Frappé-a ere dastatu genuen: kafe hoztua, handia eta apar dexenterekin. Ebakia, hutsa, esne askorekin... eska daiteke. Zenbat azukre nahi dugun ere esan beharko diogu kamareroari, ez bait digute mahaira ekartzen. Kafearekin batera baso bat ur ateratzeko ohitura dute eta Greziarrak denbora asko pasa dezakete taberna barnean edota terrazatan horrelako batekin. Ezin galdu daitekeen beste janari gozagarri bat greziar yogurra da. Eztiarekin paregabea. Ouzo-a aldiz (Greziar likorea, bai aperitibo gisa edota bazkaldu ondoren edaten dutena), ez zitzaidan hainbeste gustatu. Hemen Kebab deitzen ditugun bueltaka darabiltzan haragizko tramankulu horiek Grezian Giro-ak dira: Turkiarren eta hauen arteko erlazioa ez da oso lagunkoia.
Gauean bueltatxo bat ere eman genuen eta harritu zigun zenbateko jendetza zegoen kaleetako terrazatan goizeko ordu bietan jaten eta edaten. Gauean Monastiraki zonatik gertu ibili ginen eta giro ona topatu genuen.
Atenaseko argazki batzuk:

Atenas hirigunean topatu genuen eliza txiki eta polita etxe itsusi eta handien artean

Han egon garenaren proba, partenoia atera behar da bai edo bai

Atenasek hartzen duen zabalera izugarria da. Pena argazki panoramikoa atera ez izana...

Atenasen mugimendu asko dago. Hau bigarren eskuko gauzen merkatua da eta bertan saltzaileen "parakalo!" (mesedez) oihuen artean ibitzen zara gauza mordoetan bista galdurik
Hurrengo egunean kotxe bat alokatu genuen. Atenasen denda hauetaz beteriko kale bat dago. Grezian gidatzeak aparteko atal bat merezi du. Gure ohiturekin alderatuz burutik jota daudela dirudi, baina dauzkaten errepideetan kilometro gutxi egin ondoren segituan ulertzen da beraien modua oso razionala dela. Errepide-bazterrak errepide bezela erabiltzen dira eta gure aurrean kamioi bat badaukagu eta kontrako bidean beste bat badator ere biak baztertu egingo dira gu erditik pasa gaitezen. Honi esker, askoz azkarrago ibili daiteke hainbeste kurba dauzkaten errepideetan. Hala ere errepideetan hiltzen den jendearen oroigarri gisa, bazterretan etxe txiki batzuk jartzen dituzte greziarrek eta egia esan gustatuko litzaizkigukeenak baino gehiago daude.
Ez genuen uste Grezia hain menditsua zenik eta, Atenas 20 bat gradurekin utzi eta gero, Delfos-en egin genuen lehen gelidaldia hotz dexenterekin. Bertatik gertu eski estazio bat dago eta Arachova herrixka da eskiatzaileen lo egiteko tokia. Bertan jandako hanburgesa oraindik gogoan dut: mahatsondo hosto dexenterekin nahastutako haragia gazta barruan zeukalarik. Kuriosoa eta ona. Herri honetatik gertu errepidea mila bat metrotako garaierara iristen zen portu batetan gora, eta mila eta berrehun metrotan gutxi gorabehera elurra zegoen jada.
Delfos-en Apolo-ri eskeinitako tenplua dugu: Orakulua. Kanpotik ikusi eta aurrera jarraitu genuen ortzadarra ikusi eta gero. Hau izan zen euria ikusi genuen egun bakarra bidaia osoan zehar.

Ortzadarra Delfoseko sarreraren gainean
Gure helmuga egun honetarako Kalambaka zen, bertatik hurrengo egunean Meteora Monastegiak ikusteko.
Meteora monastegiak eta bere ingurumena bizitzan ikusi dudan toki txundigarrienetariko bat izan da. Eguraldiarekin argazkietarako ez genuen zorte handirik izan, baina hemen dituzue behintzat ideia bat egin dezazuen argazki bildumatxo bat.

Hau da monastegirik handiena

Hemen lau monastegi batera ikus daitezke harrietatik zintzilik

Hiru monastegi goitik ikusita
Han esan ziguten lasai eta enbarazurik gabe bizitzearren egin zituztela eraikin hauek. Badirudi ere guda eta borroketatik at geratzeko zirela. Batzuetan janaria eta beharrezko gauzak sartu ahal izateko poleak erabiltzen zituzten dena bizkarrean igo ordez.

Hemen ikusten da erabiltzen zuten polea eta gauzak barrura sartzeko eskorga, bere errail eta guzti
Beste argazki honek ere bere historioa dauka. Esaten denez, lehen eraiki zen monastegia (lehenengo argazkian dagoena) handiena zen, eta hari inbiria zion beste monje batek berea eraiki zuen. Hau da inbiria zuen monje honek bere leihotik beste monastegira zeukan bista.

Inbiriaz jositako begirada
Hau ikusi eta gero Peloponeso penintsularantz abiatu ginen: kilometro asko, errepide biratua eta paisaia oso ederrak mendietan zehar. Bazkaldu ere kotxe barruan egin genuen denbora ez galtzearren, baina afaldu Diakopton egin genuen ederki asko eta merke. Suvlaki batzuk (brotxetak) dastatu genituen txanpionseko partidua jabearekin batera telebistan ikusten geundela. Egia esan herri hau ez zen gure helburua egunerako, baina Peloponesora eramaten duen ordaineko zubian nahi gabe sartu ondoren hona eraman gintuen Trotamundos gidak.
Hurrengo batetan jarraituko dugu bidai honi buruz hitzegiten...
Bidaiaren bigarren atala hemen

ea nonoz hango paisaiak ikusteko beta daukagun!
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|