Zer da Gimp?
Euskal wikipediak dioenez, Gimp: (GNU Image Manipulation Program) GNU proiektuaren irudiak egokitzeko kode irekiko programa bat da. GNU General Public License lizentziapean argitaratzen da.
Software librearen argazki moldaketarako programa egokia da, izen handiko Photoshop programarekin aldera dezakegularik. Aurreneko bertsioa Unix sistemarako egokitu zen, GNU/Linuxentzat apropos pentsatu zelarik. Egun Windows eta Mac OS X sistema eragileentzako ere egokiturik dago.
Programa nahi den hizkuntzetan izateko aukera daukagula (euskara barne) gehituko nuke.

Askotan jakinezak edo aldatzeko izaten ditugun nagiek ez gaituzte aukera berriak ezagutzeko bideak zabaltzera eramaten. Hori gertatzen da Photoshop-ekin. Naiz eta aplikazio hau garestia izan, benetan behar ez ditugun aukera pila bat eskaintzen dizkigun softwarea erosten dugu. Edo gure ordenagailuan, edozein birus edo zizare sartzeko arriskua hartzen dugu hau crackeatu nahian. Baina hau beharrezkoa al da?
Galdera honi erantzuna emateko dator ikastaro txiki hau. Photoshop-ekin egiten ditugun gauzak Gimp-ekin ere egin ditzakegula erakusteko eta probatzeko bildurrak alde batera uzten laguntzeko. Ea baliagarri suertatzen zaizuen.